Ongi etorri Bilboko auzoetako pintxo-ibilbide berri batera. Oraingo honetan Deustura joan gara, nortasun handiko auzoa, giro paregabearekin eta pintxo ezin hobeak dituzten tabernekin. Gaur, Bilboko auzo honen pintxo onenetako batzuk ikusiko ditugu, bazatoz?
Tortillen taberna!
Gaurko pintxo-ibilbidea Deustuko taberna adierazgarri batean hasiko dugu, izan ere, Deustoarrak tabernak 1986tik darama sukaldaritza tradizional onena eskaintzen, eta 10 urtetik gora egunero 14 eta 16 tortilla desberdin egiten.
Gehien saltzen dutena 4 gazta urdaiazpikoarekin bada ere, hainbat tortilla aurki ditzakegu: begetala, karbonara, espinaka ahuntz-gaztarekin, foie shitake perretxikoekin, besteak beste. Eta tortipizza ospetsuak, probatu dituzu?
Oinarrian pizza-masa duten tortilla bereziak dira, dastatu behar dituzu!
Bordatxora heldu gara, eta Estitxuk jaso gaitu. Leku atsegina da, eta hemengo janari onaz gozatzera gonbidatzen gaitu. Momentuan prestatutako pintxo beroak dituzte hemen, eta guk Estitxuk gomendatutako pintxo oso berezia aukeratu dugu. Ikaragarri dago: txipiroi frijituko broxeta, patata, baratxuri eta porru frijituaren krema gainean.
Duela 20 urte Deustuko Pintxo Txapelketa irabazi zuten pintxo honekin, eta harrezkero egin dute, arrakasta handia du eta!
Taberna txikia baina tradizio handikoa, lehengoak bezalakoa, baina pintxo-barra handi batekin! Sarritan Deustuko barra onena izan dela esan da, eta hala aitortu diote Bizkaiko eta Euskadiko pintxo txapelketek.
Oriotarraren eskaintza zabalaren artean zaila da aukeratzea; horregatik, Frani galdetu diogu eta txanpiz, barazkiz eta oilaskoz osatutako pintxoa gomendatu digu. Bizitza osoa ostalaritzan eman duen profesional honen azken elaborazioa da hau.
Orain, Madariaga 33 tabernara joango gara, auzoko beste mitiko batera, eta bi urtez jarraian Deustuko pintxorik onenaren saria irabazi duena.
Nola ez genituen probatuko?
Odolki-zakua mango-coulis eta sagar-alioliarekin izan zen 2021eko irabazlea, eta gazta eta intxaur-bonboia Pedro Ximenezko kipula karamelizatu eta ahabia-siropearekin 2020an.
Asteburuetan prestatzen dituzten txibierroak ere ezagunak dira auzoan.
Gaurko ibilbide gastronomikoa Bolivar tabernan amaituko dugu Miriamek atera dizkigun bi super pintxorekin. Hau bai gozamena hainbeste maitasun eta adeitasunez jasotzen zaituztenean.
Arrakastatsuenak probatu nahi ditugu, beraz, bi pintxo arrautz-irinez pasatuta atera dizkigu. Bata tomate natural, gazta eta tipula karamelizatuarekin, eta bestea urdaiazpiko egosi, piper gorri, saltsa pikante eta gorgonzolarekin. Bai, zin egiten dizugu argazkian agertzen dena bezain zaporetsua dela.
Honaino gure gaurko ibilbidea. Laster, auzo berriak eta pintxo berriak ezagutuko ditugu.
Laster arte!