Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eragin handiko kanpaina bat aurkeztu du gaur, legealdi osoan zehar iraungo duena. Kanpaina horrek Bizkaiko tokiko saltoki txikiaren irudi berritu eta eguneratua eskaintzen du, aldaketa eta berrikuntza bultzatzeaz gain, merkatari izateaz harro egotea sustatzeko.
Bizkaiko saltoki txikiek erronka handiei egin behar diete aurre, teknologia-, demografia- eta ingurumen-eraldaketen ondorioz. Operadore handien lehiari eta digitalizazio-beharrari ere aurre egin behar diete. Testuinguru horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak, BilbaoDendak Bizkaidendak (Bizkaiko Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu Enpresen Federazioa) eta Cecobi (Bizkaiko Merkataritzako Enpresa Konfederazioa) merkatarien elkarteekin lankidetzan, ekintzak bultzatzen ditu tokiko merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko eta negozio-eredu berritzaileago, digital eta hurbilago bateranzko eraldaketa sustatzeko. Horretarako:
- Sektorearen digitalizazioa sustatzen du, tailerren, aholkularitzen eta prestakuntza-ikastaroen bidez.
- Saltokietako profesionalizazioa eta berrikuntza bultzatzen ditu, jardunaldi, prestakuntza-programa eta aholkularitza espezializatuen bidez.
- Hurbileko merkataritza ikusgarriago egiten du, kontsumo arduratsurako duen garrantzia nabarmentzeko.
- Genero-berdintasuna sustatzeaz batera, emakumeen lidergoa merkataritzan ikusarazten du, sektoreko langileen % 68 emakumeak baitira.
Ibilbide luzeko eta eragin handiko kanpaina
“Oso Pro” kanpainak ibilbide luzeko ikuspegia du, eta legegintzaldi osoan zehar hedatuko diren hainbat fase ditu. Helburua da Bizkaiko saltoki txikiaren pertzepzioa hobetzea, ez soilik kontsumitzaileen artean, baita merkatarien artean ere, lanbidearekiko harrotasuna sustatzeko eta beren negozioak kontsumo-joera berrietara (aurrez aurre zein modu digitalean) egokitzera bultzatzeko. Bizkaiko merkataritzaren irudi berrituak profesionaltasuna, proaktibitatea eta hurbiltasuna nabarmentzen ditu funtsezko ezaugarri gisa. Kanpaina burutzeko, 12 saltoki protagonistaren laguntza lortu da. Saltoki horiek Bizkaiko hainbat tokitakoak dira, eta lurralde-, genero- eta sektore-aniztasuna adierazten dute, bai eta berrikuntzarekiko konpromisoa ere.